XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEHEN SAIAKERAK. Molde berri bat urrutu dute

Urtero bezala aurten ere Zeruko Argiako zuzendariak, Herriko jai nagusietarako eskatu izan ohi diogun leihotxoa, eskuzabaltasun guztiaz eman digu.

Azpeitiko Saninazio jaiak gainean ditugu.

Amaika modutako idazlanak egin ditzakegu, egite soilez.

Baina aurtengo honetan, guztien gainetik, toki egin behar diogu, gure herrian amaitu berri den kultur ekintza nagusi bati: Urolaldeko Lehen Saiakerei hain zuzen.

Hizkuntzari eskainitako Saiakera hauek, Gipuzkoa osoan oihartzun ozen bat izan dute.

Urola bailera osoan inoiz ez da ikusi izan honenbesteko jendetzarik, inongo hitzaldi eta elkarizketatan.

Bost egunetan jorratu diren gai bakoitzean, Antxieta-etxea lepahezurreraino bete beterik egondu da.

Larehun entzulerentzat tokia egokitu genuelarik ere, lagun pila batek beti zutik iraun behar izaten zuen.

Uda garaiak bereziki egokiak izaten dira gizarte-kontsumatzaileen uhalak zuzentzen dituztenentzat.

Gizona, lehenaz gain, eginbideak utzirik, bere buruaz beste egitera bultzatzen dute.

Saiakera hauk udaldiaren bihotz bihotzean gertatu dira.

Aurtengoan gainera CRUYFF katalana, Kataluñako kulturaz zer ikusi haundirik ez duena baina, geure etxetan goxo goxo ikusi ahal izateko modua genuen.

Baina Herria ez da liluratu, Herriak laster sumatu zuen, Saiakerak zedukaten garrantzia.

Eta behin eta berriro heldutasun sendo baten frogantzak emanaz, bere benetako helburu egitazkoen bila joan zen.

Hots, Antxietaren etxera.

Saiakera hauek, molde berri bat urratu dute, gure baileran.

Ez dira izan taldetxo bati zuzenduak, guztiz herrikoiak baizik, eta goren mailako maisuak denak.

Eta egungo gai biziak guztiak.

Gure baileran, baditugu kultur izena edo ikurra daramaten zenbait elkarte eta zinki uste dugu gauza on asko egin dezaketela; penaz badiogu ere, egiten duten baino askoz gehiago noski! Hor dugu Azkoitiko Intxausti aitonetxea; Zalduntxuen esku dago, gaurregun.

Guk besterik iguriki genuen beretako zenbaiten aitorrak entzun ondotik.

Baina antza denez, antolatzen dituzten saio guztiak beren protokoloak bete ahal daitezen izaten dira.

Herriak ez du ezertariko parterik izaten.

Eta zertan dago Urolako Mankomunitatea?

Tamalgarri da kultur erakunde horren azken urteotako egoera ere.

Iragan hiru urteotan, ez du gisa honetako ekintza bat bera ere sortu.

Sasoi batetan oso poliki hasi zitzaigun lanean bere lanetarako, beste zenbait talderekin ere elkartzen zen; bazirudien Elkar-lana gogozkoa zitzaiola, eta hartaz arduratuko zela ere.

Baina itxura guztiak direnez, harako Batzorde euskaltzale hark erein zuen hazia, oraingo honek ez du jorratu.

Hizlari bakoitza bere gaiari zuzen lotu zitzaion.

Lehenengo egunean, denboraren mugak lagundu zien heinean, Aita Villasante, Juan San Martin eta Jose Luis Lizundiak Euskaltzaindiaren kondaira ekintzak eta barne egiturak nagusiki azalpendu zizkiguten.

Mahaiburura, Aita Jon Goikoetxea euskaltzaina ere bildu zitzaigun.

Bigarrenean Patxi Altuna azpeitiarra, Euskara Batuaz mintzatu zitzaigun.

Euskaltzaindiak harturiko erabakiak aipatu zizkigun eta Batasunak lortu behar dituen zenbait maila izendatu.

Xabier Kintana, hitz teknikoetaz arduratu zen.

Beste hizkuntzatan zer joera nabaitzen zen agertuaz.

Eta euskal hitz berriak erabiltzeko moduak eta baldintzak hausnartu zituen.

Haritschelhar Jaunak pastoralaren xehetasunak eta kondaira eman zigun.

Ondotik oso modu egokian pastoralaren euskalduntzeaz mintzatu zitzaigun.

Mitxelena Jaunak, Hizkuntza eta Kulturaren elkarbideak aztertu zituen.

Hizkuntza gizartearen komunikabide nagusi bezala azaldu zigun.

Eta hizkuntza eta Herriaren arteko lokarri dialektikoak ohi duen sakontasunaz jorratu zizkigun.

Hizkuntza, berez, gai zabala da eta Saiakera hauen bost egunetan, ez da agortu.

Ondoren beste zati asko lantzeko, gairik badugu noski.

Poesia, literatura, Gramatika arazoak etab.

Zati hauek ere nolabait lantzea pentsaturik dugu.

Bai beste Saiakera batzuen bidez, bai urtero eratzen ditugun alfabetatze saioez ere.

KINTANA / MITXELENA.

ANATSAN.